APAR, GOe-ko jatetxe berria
Hemen egin zure erreserba: https://www.apar.eus/
GOe – Gastronomy Open Ecosystem-eko laugarren solairuan zabalduko ditu ateak APAR jatetxeak, eta esperientzia gastronomikotik harago doan proposamen bat dakar, presarik gabe partekatzeko, gozatzeko eta denbora bizitzeko. APARek, bere gastronomia eta zerbitzuaren bidez, lurraldea sentitzeko, esperientzia gogoangarri bat partekatzeko eta produktuaz gozatzeko gunea izan nahi du. Martxoaren 5ean zabalduko ditu ateak jatetxeak, eta haren asmoa da mahaikideek produktuaren, zerbitzuaren eta giroaren bitartez sentitzea lurraldea.
APARek GOe – Gastronomy Open Ecosystem-en filosofia bera du; alegia, gastronomiatik abiatuta, etorkizun gozo bat eraikitzea, elikadura gozoa, osasungarria eta jasangarria sustatuz. Sukaldaritzak, edariak, espazioak eta zerbitzuak batera lan egiten dute esperientzia koherentea eta misio horrekin bat datorrena eskaintzeko.
LABe Restaurant-en bilakaera naturala da APAR. Nortasun propioa eta begirada garaikidea ditu, eta gertutasunetik eta sentsibilitatetik interpretatzen du Euskal Herriko paisaia. Basque Culinary Center-eko zenbait ikasle ohik sustatzen dute proiektua, eta haien prestakuntzak eta ikuspegiak proposamen gastronomikoa aberasten dute.
APARek elkargune gisa ikusten du mahaia, eta janaria baino askoz gehiago partekatzen da; espazioa eta denbora elkarrekin bizitzeko leku bat da. Erdiko mahai handiak baserriak eta otordu partekatuak gogorarazten ditu, eta alegiazko mundu batera eramaten du mahaikidea, non gastronomia lotura bihurtzen baita eta elkarrizketek unearen erritmoa ezartzen baitute. Txoko bakoitza eta zerbitzuaren erritmoa bera esperientzia atsegina izateko pentsatuta daude; eta esperientzia horretan, xehetasun guztiek laguntzen dute mahaikidearen, tokiaren eta bizitako unearen arteko benetako lotura sortzen.
Produktuan eta jatorrian oinarritutako sormenezko gastronomia
APARen, kontakizun oso gisa ulertzen da gastronomia, eta kontakizun horren protagonista produktua da. Taldeak osagaiak behatu, interpretatu eta eraldatzen ditu, eta elementu bakoitzaren esentzia areagotzen duen sormenezko sukaldaritza agertzen da horrela. Hala, ostra epela zerbitzatzen da, txakolin-sabayonarekin; berdelak artoarekin eta aji horiarekin elkarrizketan dihardu; eta atun errea tomatez eta ozpin-olioz lagunduta dator. Proposamen guztiek teknika eta sentsibilitatea konbinatzen dituzte.
Horrez gain, proposamenean, Basque Culinary Center-en baratzean landatutako barazkiak ere sartzen dira, garaiaren eta gertutasunaren arabera eskainiak. Adibidez, orburu konfitatua dugu txitxirioekin eta lepapearekin, edo sasoiko perretxikoak arbi-apioaren eta gorringoaren aparrarekin; proposamen guztiek garbi islatzen dute lurrarekiko eta ziklo naturalarekiko lotura zuzena. Ibilbide horretan, halaber, baditugu barbarina erremolatxarekin eta endibiekin, muxumartina salikorniarekin eta pil-pil zitrikoarekin, edo pularda garagar-gisatuarekin, bai eta azkenburukoak ere, esperientziari amaiera orekatua eta sormenezkoa emateko; adibidez, udarea namelakarekin eta limoi-teilarekin, edo txokolatea krispetekin eta gatzarekin.
Esperientziaren osagarri, gastronomia likidoa integratzen da kontakizunean: lurraldeko ardoen aukerak plater bakoitzaren identitatea, benetakotasuna eta izaera nabarmentzen ditu, eta nazioarteko erreferentziak eta NoLo aukerak ere eskaintzen dira. Hautu likido bakoitza modu naturalean integratzen da kontakizun gastronomikoan, eta, osagarri hutsa izan ordez, mahaikidearen esperientzia globala eraiki eta sendotzen duen beste elementu bat bihurtzen da.
Komunitatea, bikaintasuna, lurraldea eta benetakotasuna
Funtsezko lau baliotan oinarritzen da APAR, eta balio horiek zehazten dute esperientzia ulertzeko duen modua. Espazio batean gauzatzen da komunitatea; eta hor, mahairatzen dena beste biztanle bat bihurtzen da, eta bizipen hurbila eta partekatua izango du. Bikaintasunerako joeraren erakusgarri, kontu handiz zaintzen dira xehetasun guztiak: proposamen gastronomikoa, zerbitzua eta ingurunea. Tokikoarekiko loturaren adierazgarri da etengabe lan egiten dela inguruko ekoizleekin, eta, hala, naturalki eta modu atsegingarrian hurbiltzen zaio lurraldea mahaikideari. Hori guztia benetakotasunetik, ikuspegi garaikidearen bitartez tradizioarekin elkarrizketan diharduen nortasun propioa erakutsita.
GOe-ren arkitekturarekin lotutako identitatea
GOe eraikinarekiko harremanetik sortu da APAR izena, haren diseinua olatuen bidean inspiratuta baitago. Azken solairuan dago jatetxea, eta olatua hautsi eta aparra sortzen den puntua adierazten du.
Haren identitate bisualak kontzeptu horren izaera organiko eta fluidoa biltzen du: logotipoa dinamikoa da, itxura formalaren eta ez-formalaren artean dago, eta sistema grafikoa moldaerraza da, haren presentzia sendotzeko.
Ordutegiak eta erreserbak
Ostegunetik igandera emango ditu bazkariak APARek (13:00-15:00), eta ostegunetik larunbatera afariak (20:00-22:00).
Haren webgunearen eta Instagram-eko profilaren bitartez egin ahal izango dira erreserbak.
GOe – Gastronomy Open Ecosystem (Nafarroa Hiribidea, 9) eraikineko laugarren solairuan dago jatetxea, eta eraikinaren sarrera nagusitik irits zaitezke.
GOe bezala, APAR ere herritarrentzat irekita dagoen espazio bat da, non gastronomiak, lurraldeak eta sormenak topo egiten baitute, eta produktua, paisaia eta komunitatea lotzen dituzten esperientzia paregabeak eskaintzen baitira.