Emakumeen ikusgarritasuna eta gazteen ahotsa ardatz duen lankidetza hitzarmena sinatu berri dute MANTALAk eta BERRIAk

Basque Culinary Centerrek eta BERRIAk lankidetza hitzarmena sinatu dute GOe eraikinean, euskal gastronomiaren, kulturaren eta komunitatearen arteko lotura sendotzeko helburuarekin.

Akordioa Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak eta Amagoia Mujika BERRIA egunkariko zuzendariak formalizatu dute, bi erakundeen arteko elkarlan berri bati hasiera emanez.

Hitzarmen honen bidez, bi erakundeek konpromisoa hartu dute Mantala Basque Gastronomy proiektuaren baitan hainbat egitasmo elkarrekin garatzeko, gastronomia euskaraz kontatzeko, zabaltzeko eta komunitatea aktibatzeko.

Lankidetza hiru ardatz nagusiren inguruan egituratuko da: Mamia, Gastro Gaztea eta Etxetik. Mamia egitasmoan, gastronomiako emakumeen ikusgarritasuna landuko da, jardunaldi berezi baten, erreportajeen eta podcast baten bidez. Gastro Gaztea ekimenak, berriz, gazte sukaldari eta ekoizleen ahotsa indartzea du helburu, urtean zehar egingo diren topaketen bidez. Etxetik proiektuak, azkenik, etxeko sukaldaritzaren transmisioa sustatuko du, argitalpenen eta komunitatearen aktibazioaren bidez.

Horrez gain, GOe espazioa lankidetzaren gune estrategiko bihurtuko da, ekitaldiak, topaketak eta komunitatearekin lotutako jarduerak hartuz. 

Bi erakundeek azpimarratu dute hitzarmen honek aukera ematen duela gastronomia, kultura eta hizkuntza elkarlotzeko, eta euskal ekosistema gastronomikoa indartzen jarraitzeko.