GOe – Gastronomy Open Ecosystemek urtebete egin du hirira irekitako berrikuntza gastronomikoa bultzatzen

Duela urtebete ireki zen GOe – Gastronomy Open Ecosystem, Donostian, eta horrekin hasi zuen Basque Culinary Centerrek gastronomiaren inguruko prestakuntza, ikerketa, berrikuntza, ekintzailetza, enpresa eta herritarrak lotzeko bultzatutako proiektu bat. Irekiera hura beste urrats bat izan zen, Basque Culinary Centerren ibilbidean ez ezik, baita diziplinak konektatzeko eta elikadura-sistemaren erronka handiei erantzuten laguntzeko gai den gastronomia baten aldeko apustuan ere.

2025eko urrian ireki zenetik, GOe bere lan-ildoak aktibatuz joan da pixkanaka. 2026aren hasieratik, jarduera horrek indarra hartu du, tartean direla enpresekiko ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak, prestakuntza espezializatuko programak, ekintzailetza-ekimenak eta herritarrei irekitako proposamenak. Horrela, GOe berrikuntza gastronomikorako gune bat eratzen ari da, ezagutza, talentua eta sektoreko hainbat eragile konektatuko dituena, hiriarekin harreman zuzena izanik. Ireki zenetik, 20.000 sarrera izan ditu eraikinak.

GOe Tech Center: berrikuntza gastronomikoari aplikatutako ezagutza zientifikoa

Berrikuntza da GOe-ren ardatz nagusietako bat. Haren gastronomiako zentro teknologikoak, GOe Tech Centerrek, hainbat lorretan garatzen ditu proiektuak; besteak beste, sukaldaritzako berrikuntzan, osasunean eta nutrizioan, jasangarritasunean, analisi sentsorialean eta eraldaketa digitalean.

2025eko urritik 2026ko urrira, GOe Tech Centerrek enpresekiko 49 proiektu eta 20 ikerketa-proiektu garatu ditu, Europako sei proiektutan parte hartzeaz gain. Zentroaren jarduera zientifikoak 17 argitalpen zientifiko ere ekarri ditu berekin.

Berrikuntza irekia da zentroaren beste lan-ildoetako bat, enpresak, profesionalak eta herritarrak esperimentazio- eta baliozkotze-prozesuetan batzen dituela. Testuinguru horretan, GOe Testers ekimenari esker, 500 pertsona eta 25 chef aritu dira elikadura-ohituren azterketak, dastaketak eta produktu-probak egiten, ikerketa- eta berrikuntza-proiektu errealei lotuta.

Elkarlanaren aldeko apustu horretara batu da Chefs Community for Innovation nazioarteko sarea, zeinak sukaldaritzako profesionalen arteko ezagutza-trukea eta gastronomiaren erronkei erantzun berriak bilatzeko parte-hartzea sustatzen baititu.

Gastronomia eraldatzeko prestakuntza eta talentua

2026-2027 ikasturtean, graduondoko 93 ikasle ari dira GOe-n trebatzen, lau programa espezializatutan: Gastronomic Sciences eta Food Fermentation unibertsitate-masterrak, eta Food Design eta Komunikazioa eta Kazetaritza Gastronomikoa masterrak. Titulazio horiek, batera hartuta, ikuspegi zientifiko, teknologiko, sortzaile eta komunikatiboetatik heltzen diote gastronomiari.

Prestakuntza-eskaintzaren barruan sartzen da, halaber, Culinary Arts: Technique, Product and Creativity masterra eskaintzea, ingelesez.

GOe-ren prestakuntza-proposamenak bi oinarri ditu: ikaskuntza praktikoa —learning by doing, eginez ikastea— eta ingurune profesionalarekiko lotura. Ikasleek espazioa partekatzen dute ikertzaileekin, enpresekin, profesionalekin eta ekintzaileekin, eta bertatik jarraitu diezaiekete hainbat ikerketa-, berrikuntza- eta garapen-proiektu erreali.

Graduondoko prestakuntzaz gain, ikastaro trinkoak eta neurrira egindako prestakuntza-proposamenak eskaintzen zaizkie profesionalei eta erakundeei. Lehen urte honetan, besteak beste, Berrikuntza sukaldaritza aplikatuan eta Food Design inpaktuko esperientzia gastronomikoen diseinura aplikatuta prestakuntzak garatu dira, GOe-ren ezagutza eta gaitasunak sektoreko zenbait profili hurbilduz.

Ekintzailetza: talentua, ezagutza eta merkatua lotuz

Hilabete hauetan zehar, GOe-k martxan jarri du bere Ekintzailetza Programa, elikadurari lotutako proiektu berritzaileak laguntzeko eta ezagutzarekin, azpiegiturekin, gaitasun zientifiko-teknologikoekin eta sektoreko profesionalekin duten lotura errazteko.

GOe Ekintzailetza Programaren lehen deialdiak 61 hautagaitza jaso zituen —20 Euskadikoak, 29 Estatuko gainerako tokietakoak eta 12 nazioartekoak—, eta haietatik 8 startup hautatu ziren, bost Euskadikoak eta hiru Estatuko gainerako tokietakoak. Aukeratutako proiektuek askotariko esparruetan dihardute: osasuna eta nutrizioa, softwarea eta adimen artifiziala, gailuak eta hardwarea eta produktu eta osagai berrien garapena. Programaren helburua da jada soluzio edo prototipo bat duten eta baldintza errealetako balioztatzean aurrera egin beharra daukaten proiektuei laguntzea.

Sei eta bederatzi hilabete arteko ibilbide batean, hautatutako startupek hainbat gaitasun eskuratu ditzakete garapen teknikorako, testeatzeko, erabiltzaile eta profesionalekin baliozkotzeko, mentoria espezializaturako eta negozio-ereduaren garapenean eta eskalagarritasunean laguntzeko. Programak, gainera, erraztasunak ematen ditu inbertitzaileekin eta lankidetza-sareekin harremanetan jartzeko, GOe Tech Centerrekin eta inguruko beste eragile batzuekin batera.

Ekimen horrekin batera, GOek HAMARRAK programa bultzatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, ekintzailetzaren hasierako faseetan dauden pertsonak eta haien talentua identifikatu eta sustatzeko. Hautatutako hamar pertsonek lau hilabetez GOeren ingurunean jardungo dute, beren ideiak lantzeko eta ekintzaile gisa duten potentziala garatzeko. Egun, GOek dituen 18 coworker-en artean, hamar HAMARRAK programan parte hartzen ari dira.

Ekintzailetzaren arloko jarduera hori osatzeko, GOek On The Road nazioarteko scouting programa ere sustatzen du, gastronomiaren, elikaduraren eta berrikuntzaren esparruetako proiektu berriak identifikatzeko. Orain arte egindako edizioetan, 129 startup aurkeztu ditu 11 hiritan, nazioarteko berrikuntza-ekosistemako 23 eragilerekin lankidetzan. 2026an, programaren seigarren edizioa jarri da abian.

Ezagutzari eta esperientziari irekitako gastronomia

Herritarrei irekita egotea da GOe-ren funtsezko beste dimentsioetako bat; horrek berrikuntza gastronomikoaren alorrari bizia ematen laguntzen du, bertako espazioetan sortzen den ezagutza hiriarekin lotzen baitu. Programazio ireki, parte-hartzaile eta irisgarri baten bidez, GOe-k hainbat publikori hurbiltzen dizkie gastronomia eta elikaduraren erronkak.

Lehen urte honetan, 48 jarduera egin dira, haien artean 20 hitzaldi ireki, 16 tailer eta neurrirako 12 jarduera, eta denera ia 1.300 parte-hartzaile inguru bildu dituzte.

Hitzaldietan, elikadurarekin, osasunarekin, ongizatearekin eta kultura gastronomikoarekin lotutako gaiak jorratu dira, eta hainbat proposamen egin: adibidez, Nola eragiten du musikak gure jateko moduan, Emankortasuna eta elikadura, Zahartze osasuntsurako nutrizio-gakoak, Gastronomia eta adimen artifiziala eta Zergatik dute plater batzuek etxeko zaporea. Horretarako, GOe-k arlo askotako profesionalak izan ditu. Besteak beste, osasunean eta nutrizioan adituak, analisi sentsorialeko ikertzaileak, enpresariak, medikuak eta farmazialariak, zeinek beren ezagutzak eta ikuspegiak partekatu baitituzte herritarrekin.

Tailerretan, gastronomiarekiko eta hark osasunarekin eta ongizatearekin duen loturarekiko hurbilketa praktiko bat eskaini da, eta proposamen hauek egin dira, adibidez: Mikrobiota orekan, Zure ongizatea indartzen duen nutrizioa eta Memoria elikatzea. Orobat aztertu dira sasoiko sukaldaritza —produktuetan hegaluzea eta plateretan itsas gisatuak ardatz hartuta, adibidez— eta elikadura eta jarduera fisikoaren arteko lotura, Sukaldaritza eta kirola: ariketa egin aurretik, bitartean eta ondoren tailerraren bitartez.

Programazioak publiko ezberdinei zuzendutako proposamenak ere jaso ditu, haurrentzako jarduerak barne, bai eta enpresa eta erakundeekin batera garatutako topaketak ere. GOe-k herritarren, profesionalen eta ikertzaileen arteko elkarrizketa bultzatzen du, ikaskuntza-prozesuaren parte direla sukaldean aritzea, probatzea, behatzea eta esperimentatzea.

Programazioak azaroan jarraituko du, gastronomia hainbat ikuspegitatik jorratuko duten beste hitzaldi eta tailer batzuekin. Hobeto janda hobeto bizi konferentziak zahartze osasuntsua eta haurren elikadura jorratuko ditu, besteak beste, eta Azaldu iezadazu! konferentziak elikagaietan plastikoak duen presentzian jarriko du fokua. Jakitegiko sukaldaritzari eta tradizioaren eta abangoardiaren arteko harremanari buruzko tailerrak ere izango dira, eta proposamen bat, adimen artifizialaren bidez garagardo eta zaporeen arteko uztartze berriak esploratuko dituena.

APAR eta SOA: GOe-z gozatzeko espazio berriak

GOe-ren jarduera eraikinaren parte diren gune gastronomikoetara ere hedatzen da, haiek ere laguntzen baitute eraikina topagune gisa eta eguneroko jarduera gisa dinamizatzen. APARek eta SOAk proposamen desberdinak eskaintzen dituzte, arreta berezia eskainiz produktuari, lurraldeari eta sukaldaritzako esperimentazioari, eraikinaren eskaintza gastronomikoa zabaltzeko.

2026ko martxoan ireki zen APAR, eraikinaren laugarren solairuan dagoen jatetxea. Bere proposamenean sukaldaritza garaikidea, garaiko produktua, gertutasuna eta jasangarritasuna uztartzen dituela, APARek gastronomia eta lurraldea kokatzen ditu esperientziaren erdigunean. Zurriola, Gros eta Ulia mendira begirako ikuspegi bikainak osatzen du sukaldaritzaz ingurune berezi batean gozatzeko pentsatutako proposamena. Ireki zenetik, 3.640 bazkaltiar jaso ditu APARek, eta eraikinari bizia ematen dioten guneetako bat bihurtu da jada.

Proposamen horri gehitu zaio SOA, beheko solairuan kokatutako ekimen ekintzaile independente bat, eskaintza gastronomiko berri bat gehitzen diona GOe-ren eguneroko jarduerari. Hartziduran, sagar-ore aman eta lurraldeko produktuetan oinarritutako proposamen bat dakar, eta balioa ematen die gastronomia-jardun egokiari eta sukaldaritzako esperimentazioari. Abuztuan ireki zenetik, 900 bisitari izan ditu SOAk.

94 ekitaldi komunitate gastronomikoa eta elikadura-sistema konektatzeko

GOe-k kanpoko bezeroen 59 ekitaldi hartu ditu orain arte, 4.600 parte-hartzaile ingururekin, eta sustapeneko 35 ekitaldi, 2.500 pertsona inguru bildu dituztenak.

Guztira, 94 ekitaldi eta 7.000 ikusle baino gehiago izan dira GOe-n lehen urte honetan. Topaketa horiek gastronomiari eta elikadura-sistemari lotutako enpresak, erakundeak, profesionalak eta erakundeak elkartu dituzte, eta trukerako eta elkarlanerako aukerak sortu.

Estalki bizia, eboluzioan

GOe-ren arkitekturak paisaia-dimentsio nabarmen bat ere badu. Proiektuak 1.329 m²-ko azalerako estalki bat du, eta 2.271 m² berdegune urbanizazio osagarrian; guztira, 3.600 m²-ko landare-azalera.

Lorategi-estalkia, gaur egun, sendotze- eta eboluzio-fase batean dago. Prozesu horren barruan, terrazetarako sarbidea erregulatuko da, landaketak hobeki babesteko eta landaredia modu egokian garatu eta loratzeko, eta, aldi berean, eremu hori erabilera desegokietatik zaintzeko. Espezieen bilakaerari jarraipena egiten ari zaio, paisaia-diseinuaz arduratzen den taldearekin batera, azterketa eta hobekuntza etengabeko prozesu batean.

GOe-ren arkitektura, guneak eta bertan egiten den jarduera herritarrei hurbiltzeko, bisita gidatuak izango dira azaroatik aurrera. Hilean lau bisita antolatuko dituzte: bi euskaraz eta bi gaztelaniaz, 17:00etatik 18:00etara, gehienez 20 laguneko taldeekin. Azaroan, bisita gidatuak astearteetan, hilaren 3an eta 17an, euskaraz egingo dira; eta ostegunetan, hilaren 12an eta 26an, gaztelaniaz. Bisitetan izena emateko informazioa GOeren webguneko Agenda sailan eta eraikineko harreran egongo da eskuragarri.

Bisita horiek jarraipena emango diote GOe 2025eko urrian ireki zen herritarrekiko harremanari. Eraikinak orduan ireki zizkion lehen aldiz ateak publikoari, berariaz diseinatutako jardunaldi batean, nahi zuenak instalazioak bisitatu eta proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zezan.

Lehen urtea, ibilbide luzeko proiektu bat aktibatzeko

GOe-ren lehen urteak aukera eman du proiektuaren esparru guztiak martxan jartzeko eta jarduera sortzen hasteko, ardatz hauen inguruan:  ikerketa, prestakuntza, ekintzailetza, enpresa-lankidetza eta herritarren parte-hartzea. Hamabi hilabete hauetan izan diren zifrek eta ekimenek erakusten dute eraikina gastronomiaren inguruan lan egiteko, elkartzeko eta esperimentatzeko gune bihurtu dela.

Hurrengo etaparako helburuak jarduera hori sendotzea, lankidetzarako aukerak zabaltzea eta GOe-ren nazioarteko proiekzioa indartzea izango dira, betiere Donostiarekin eta haren inguruko eragileekin duen lotura mantenduz.

Basque Culinary Centerrek bultzatua da GOe – Gastronomy Open Ecosystem, eta laguntza jasotzen du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailetik, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Donostiako Udaletik. 

GOe-ren enpresa-ekosisteman daude Mahou San Miguel, Eroski, Martiko, COVAP, Fagor eta AgroBank, strategic partner gisa; AENA, IKEA, Grupo Easo Motor eta Sustainable Shrimp Partnership partner gisa; eta Lavazza, Iberia, Salva, Lacor, Enea, Araven eta Alki member gisa.