GOe Tech Centerrek elikagaien ikerketa eta berrikuntzako proiektuetan parte hartzea ahalbidetzen duen plataforma digital berria aurkeztu du

Berrikuntza gastronomikoak herritarrengana hurbiltzeko beste urrats bat eman du GOe Tech Center-ek, Basque Culinary Centerreko gastronomiako zentro teknologikoak. GOe Testers aurkeztu du, edonorentzat ikerketa eta elikadura-berrikuntzako benetako proiektuetan aktiboki parte hartzea ahalbidetuko duen plataforma digital berria.

goetesters.bculinary.com helbidean eskuragarri dagoen plataforma honek etorkizuneko elikaduraren garapenean pertsonak inplikatzea du helburu, eta ikerketa, produktu-probak, dastatzeak eta esperientziak modu errazean egiteko aukera eskaintzen du, bai online bai aurrez aurre.

GOe Testers-en bidez, parte-hartzaileek elikadura-ohiturei buruzko inkestetan, etxeko produktu-probetan (Home Use Tests), dastatzeetan, pertzepzio-azterketetan eta kontsumo-esperientzietan parte hartu ahal izango dute, baita produktu, zerbitzu eta elikadura-soluzio berrien baliozkotzean ere. Jarduerak formatu digitalean zein presentzialean egingo dira, ikerketa-proiektu errealetan modu errazean parte hartzea ahalbidetuz.

“Berrikuntza gastronomikoa pertsonen eskutik eraikitzen dela pentsatzen dugu. Nola kontsumitzen dugun, zer baloratzen dugun eta elikadura-esperientziak nola bizi ditugun ulertzea funtsezkoa da eragin errealeko soluzioak garatzeko. GOe Testers-ek ikuspegi hori ikerketa eta garapenaren hasierako fasetik txertatzeko aukera ematen digu”, adierazi du Begoña Rodríguez-ek, GOe Tech Center-eko zuzendariak.

Etorkizuneko elikadura eraikitzeko elkar sortzeko komunitatea

GOe Testers, GOe Tech Center-en berrikuntza irekia eta herritarren zientzia sustatzeko estrategiaren parte da. Plataformak ikerketa- eta berrikuntza-prozesuak gizartera zabaltzen ditu, kontsumitzaileen esperientzia eta ezagutza elikadura-soluzio berrien diseinuan, garapenean eta baliozkotzean txertatuz.

GOe Testers-ek ikuspegi eta ezagutza motak integratzeko diseinatuta dago. Ikerketa asko elikadurarekin lotutako eguneroko esperientzia partekatu nahi duen edonorentzat irekita egongo diren arren, plataformak profil espezifikoentzako proiektuak ere izango ditu, elikadura- eta gastronomia-sektorearekin lotura dutenentzat. Ostalaritzako profesionalek, elikagaien industrian lan egiten duten pertsonek, nutrizioko adituek edo antzeko esparruetako espezialistek beren esperientzia bereziki baliagarria den ikerketetan parte hartu ahal izango dute. Ikuspegi horien konbinazioak ikerketa-prozesuak aberastea ahalbidetuko du, bai gizartearen ikuspegia bai ekosistemako profesionalen ezagutza txertatuz.

Ekimen honen bidez, kontsumitzaileek eta profesionalek produktuen probetan, kontsumo-azterketetan, dastatzeetan, produktu eta zerbitzuen baliozkotzean eta ikerketa-proiektu errealekin lotutako beste esperientzia batzuetan parte hartu ahal izango dute. Helburua ezagutza baldintza errealetan sortzea da, eta zientziaren eta gizartearen beharren arteko lotura indartzea.

Tresna azken urtean zehar garatu da, GOe Tech Center-ek bultzatutako proiektuetan herritarren parte-hartzea erraztu eta eskalatzeko aktibo estrategiko gisa. Plataforma berri honek zentroaren elkarlan-dinamikak zabaltzea eta berrikuntza-prozesu irekiagoak, irisgarriagoak eta inklusiboagoak sortzea ahalbidetuko du.

Jarduera horietako asko GOe–Gastronomy Open Ecosystem espazioan egingo dira, Basque Culinary Center-ek Donostian bultzatutako gastronomiako berrikuntza-hub-ean. Ikerketa, prestakuntza, ekintzailetza eta herritarrak elkartzen dituen espazio ireki gisa, GOe-k berrikuntza pertsonen eta elikadura-sistemaren erronka errealekin konektatzeko apustua indartzen du.

Ez da ezagutza teknikorik behar parte hartzeko. Plataforma elikadurarekin lotutako esperientzia partekatu eta produktu, zerbitzu eta esperientzia berrien garapenean lagundu nahi duen edonorentzat irekita dago.

GOe Testers elikadura jasangarriari buruzko lehen azterlan batekin abiatzen da

GOe Testers-ek lehen ikerketa bat jarri du martxan plataforman, herritarren elikadura-ohiturak jasangarritasunaren ikuspegitik hobeto ezagutzeko. Etxeko erosketen arduradunei zuzendutako inkesta labur baten bidez, ikerketa-taldeak kontsumo eta sukaldaritza ohiturak, tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa, elikagai freskoen presentzia dietan, eta elikagai-hondakin eta birziklapenarekin lotutako praktikak aztertzen ditu.

Ikerketaren helburua da eguneroko portaerek elikadura-sistemen jasangarritasunean nola eragiten duten ulertzea eta elikadura jasangarriaren zein alderdi dauden gizartean txertatuen identifikatzea. Emaitzek etorkizuneko ikerketa eta berrikuntza proiektuetarako ezagutza baliagarria sortuko dute.

Lehen azterlan honetatik haratago, GOe Testers-ek hainbat parte-hartze modu txertatuko ditu, hala nola etxeko produktu-probak (Home Use Tests), dastatzeak, pertzepzio-azterketak eta kontsumo-esperientziaren analisiak, besteak beste.

Berrikuntza eragin errealarekin

GOe Testers-en abiarazpenarekin, GOe Tech Center-ek berrikuntza irekiaren aldeko apustua indartzen du, herritarrak ez soilik berrikuntzaren hartzaile, baizik eta haren garapenaren parte aktibo bihurtuz.

Plataformak herritarren parte-hartzea ikerketa gastronomikoaren arloan erreferentziazko espazio bihurtzea du helburu, ezagutza zientifikoa, industria eta gizartea lotuz. Horrez gain, parte-hartzea saritzen duen puntu-sistema bat ere barne hartzen du. Metatutako puntuak hainbat saritan trukatu ahal izango dira, hala nola Donostiako GOe-Gastronomy Open Ecosystem-eko Apar jatetxean deskontuak, BCC Culinary Club-ek emandako ikastaro eta tailerrak edo online erosketa-plataformetarako opari-txartelak, eskaintza pixkanaka handitzeko asmoarekin.

Ekimen honek GOe Tech Center-en konbikzioa islatzen du: etorkizuneko elikadurarako irtenbide onenak lankidetzatik, ebidentzia zientifikotik eta pertsonen parte-hartzetik eraikitzen dira.