Quimya, kokoz eta almendraz egindako landare-jogurt hartzituak ekoizten dituen Buenos Airesko startupa, GOe On The Road-en Buenos Airesko saioaren irabazlea
Quimya, kokoz eta almendraz egindako landare-jogurt hartzituak ekoizten dituen startupak, irabazi du GOe On The Road nazioarteko foodtech ekintzailetza-lehiaketaren bosgarren edizioko laugarren geldialdian. Lehiaketa GOe – Gastronomy Open Ecosystem ekimenaren barruan antolatua da, eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Hazi Fundazioaren babesa du.
Quimyaren proposamenak landare-oinarriko alternatiba osasungarriago eta naturalagoen eskaerari erantzuten dio, formulazio garbi, nutritibo eta funtzional baten bidez, hartzidura-prozesu berritzaileekin garatua.
María Agustina Casco, dietetika eta elikadura naturaleko teknikaria, eta Augusto Bircher, topografo-ingeniaria, eta startuparen sortzaileak arduratu dira proiektua aurkezteaz. Quimya, saio hau irabazi eta GOe On The Road lehiaketako azken finalista gisa hautatua, esker ona adierazi du jasotako sariagatik.
Roadshow formatuko ekimen ibiltari hau Japoniako hiriburuan jarri zen abian, eta Buenos Airesen amaitu da, azken startupa hautatu ondoren, zeina maiatzaren 29an lehiatuko baita Donostiako GOe-Gastronomy Open Ecosystemen egingo den final handian.
Buenos Airesko startup irabazlearen berri apirilaren 9an iragarri zen, Universidad Argentina de la Empresa (UADE) unibertsitatean egin zen edukien jardunaldi batean. Jardunaldi horren programak foodtech ekosistemaren azken joera global eta lokalei heldu zien.
Saioarekin hasteko, ongietorria eta aurkezpena egin zuten GOe – Gastronomy Open Ecosystemeko Ekintzailetzako arduradun Irati Lekuek eta UADEko Abril Artazak. Bertan izan zen, halaber, Euskadiren Argentinako eta Uruguaiko Ordezkaritzako enpresa-arduradun Roberto Caride.
Jarraian, Irati Lekuek GOe-ren gakoak aurkeztu zituen, “GOe: connecting the dots” izenburupean. Bere hitzaldian, nabarmendu zuen zeinen garrantzitsua den lankidetza gaur egungo erronka gastronomikoei erantzuteko; orobat aztertu zuen zer rol betetzen duen berrikuntzak sektorean ekintzailetza sustatzeko orduan, eta, azkenik, GOe Tech Centerrekin eta Basque Culinary Centerren ekosistemako hainbat agenterekin batera garatzen den startupei laguntzeko eredua ezagutarazi zuen.
Ondoren, mahai-inguru bat egin zen, “Ciencia, tecnología y emprendimiento en el sector alimentario” izenburupean, Buenos Airesko berrikuntza- eta elikadura-ekosisteman sakontzeko. Besteak beste, hauek parte hartu zuten: David Cejas (UADE), Juan Pablo Dipietro (Subjen AI), Paula Giser (food scientist), Mariana Koppmann (doktorea eta dibulgatzaile zientifikoa). GOe – Gastronomy Open Ecosystemeko Ekintzailetzako arduradun Irati Lekue izan zen mahai-inguruaren moderatzailea.
Begoña Rodríguez, GOe Tech Center izeneko Basque Culinary Centerren gastronomiako zentro teknologikoaren zuzendaria, “Una mirada diferente a la innovación” txostenaren aurkezle izan zen. Haren bitartez, zentroaren lan egiteko modua erakutsi zuen, zeina ikerketa-talentua, chefak eta profil akademikoak living lab motako ingurune batean integratzen dituen open innovation eredu batean oinarrituta baitago. Rodríguezek azaldu zuenez, dinamika horrek aukera ematen du GOe Tech Centerreko taldea, Basque Culinary Centerren masterretako ikasleak eta startupen ekosistema lotzen dituen lankidetza-proiektuak aktibatzeko eta, horrela, elikagaien industriako benetako erronkei erantzuteko.
Halaber, sektoreko joera nagusiak aztertu zituen; besteak beste, aldaketa demografikoak, kontsumo-ohituren bilakaera, klima-aldaketaren eragina eta elikagaien soluzio pertsonalizatuen gero eta eskari handiagoa. Testuinguru horretan azaldu zuen GOe Tech Centerrek enpresekin batera gauzatutako proiektu zehatzetara eramaten dituela erronka horiek (adibidez, NOLO edarien edo landare-proteinen garapena) eta beste ikuspegi batetik heltzen diola berrikuntzari, lankidetzan oinarrituta eta zientzia gastronomian zuzenean aplikatuta.
Ekitaldiak sektoreko profil ugari bildu ditu, hala nola ekintzaileak, inbertitzaileak eta nekazaritzako teknologia-sektoreko adituak. Apirilaren 9an Buenos Airesen antolatutako saio horretan parte hartu zuten startupek ––Origen Bagazo, TUFUD, Mosh, Smart Foods eta Quimya–– adituen epaimahai bati aurkeztu zizkioten beren proiektuak. Hauek osatu zuten epaimahaia: Irati Lekue, GOe-Gastronomy Open Ecosystemeko Ekintzailetzako arduraduna; David Cejas (UADE), Juan Pablo Dipietro (Subjen AI), Paula Giser (food scientist), Mariana Koppmann (doktorea eta dibulgatzaile zientifikoa).