CITA GO-ON
Dementzia eta ahultasun kognitiboa izateko arrisku handiagoa duten pertsonen arrisku-faktoreen eta bizi-estiloen gaineko esku-hartze multimodalaren eraginkortasuna aztertzea, narriadura kognitiboa prebenitzeko
Urteak betetzea eta zahartzea da arrisku kognitiboaren faktore nagusietako bat, eta hori baldintzatzailea da zahartze osasungarria izateko eta gozatzeko. Gaur egungo ebidentzia zientifikoak adierazten du dementzia-kasuen hirutik bat esku-hartze multimodal egoki baten bidez prebenitu daitekeela. Horregatik, garrantzitsua da jakitea nola zaindu dezakegun gure burmuineko osasuna, gure bizi-kalitatea hobetzeko eta, gizarte gisa, dementziaren prebalentzia murrizteko.
CITA GO-ON azterketak narriadura kognitiboa prebenitzeko modua ikertzen du, ohiturak eta bizimoduak eta osasun kardiobaskularra zainduz. Horretarako, 60 eta 85 urte bitarteko 1.000 heldu baino gehiago aukeratuko dira, datozen urteetan memoriak okerrera egiteko arriskua izan dezaketenak. Azterlanaren esku-hartzeak bi urte iraungo du. Epe horretan, arrisku-faktoreen aldizkako kontrol estua egingo da, bai eta estimulazio eta entrenamendu kognitiboko programak, jarduera fisikoa, adimen emozionala, osasun psikosoziala eta elikadura osasungarria ere.
BCC Innovationek nutrizio- eta sukaldaritza-arloko esku-hartze bat egingo du talde-tailerrekin, elikadura-ohitura osasungarriak hartzea hobetzeko, nutrizio-hezkuntzarekin eta sukaldaritzako trebetasunekin lotutako alderdiak integratuta.
CITA Alzheimer Fundazioak gidatzen du proiektua, hainbat erakunderekin lankidetzan: BCC Innovation, Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutua, Euskal Herriko Unibertsitatea, Achucarro Neurozientzien Institutua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Nazioarteko erakunde ospetsuen babesa ere badu, hala nola Suediako Karolinska Institutuarena eta Alzheimerren Amerikako Elkartearena (Alzheimer ‘s Association). Ekimena Eusko Jaurlaritzak, HNA Fundazioak eta Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Estatuko Ikerketa Agentziak finantzatzen dute.
Informazio gehiagorako: https://www.cita-alzheimer.org/es/cita-go-on
