Dominikar Errepublikako Turismo Gastronomiko Jasangarriaren Plan Estrategikoa
Turismo Gastronomiko Jasangarriaren Plan Estrategikoa Dominikar Errepublika Karibeko erreferente gastronomiko bihurtzea du helburu 2030erako. Ekimen honen bidez, herrialdeko turismo gastronomikoa indartu eta eraldatu nahi da, tokiko produktuak balioan jarriz, berrikuntza kulinarioa sustatuz, prestakuntza profesionala bultzatuz eta gastronomia jasangarria indartuz.
Plan hau herrialdearen ondare kulturalean, biodibertsitatean eta ekoizpen-gaitasunetan oinarritzen da. Bere garapenean, sektore gastronomiko eta turistikoko eragile nagusien parte-hartze aktiboa izan da, eremu-ikerketa, elkarrizketa eta lantegi parte-hartzaileen bidez.
Planak lau lehentasun estrategiko ezartzen ditu:
- Nortasun gastronomikoa: Dominikar sukaldaritzaren kontakizuna sendotzea, bere historia, kultura-nahasketa eta eskualdeko berezitasunak nabarmentzeko.
- Tokiko produktuen balioztatzea: Herrialdeko gastronomia berrikuntza kulinarioaren bidez nabarmentzea, egungo joerei egokituz baina tradizioarekiko leialtasuna mantenduz.
- Hezkuntza eta talentuaren garapena: Prestakuntza profesionala sustatzea gastronomiaren balio-kate osoan.
- Balio-katearen indartzea: Lehiakortasuna, berrikuntza eta lankidetza-sareak sustatzea sektorean.
Lehentasun hauek betetzeko 15 jarduera-lerro estrategiko eta hainbat ekimen giltzarri garatuko dira, gizarte dominikarrarengan eragin positiboa sortzeko eta bisitarien esperientzia aberasteko.
2025etik 2030era bitartean garatuko da proiektua, eta Dominikar Errepublikako Turismo Ministerioaren (MITUR), ADERES, ADOCHEFS, Banreservas, ASONAHORES, Dominikar Gastronomia Akademiaren eta sektore gastronomiko eta turistikoko beste hainbat eragileren babesa izango du. Estrategia hau BCC Innovation-ek diseinatu du, Basque Culinary Center-en teknologia-zentroa.
Horrez gain, plana Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat dator, elikadura-segurtasuna, hazkunde ekonomiko jasangarria eta Dominikar ondare gastronomikoaren nazioarteko sustapena bultzatuz.